GURE HISTORIA

1977ko jaiak pasatutakoan eta alde zaharrean pote batzuk hartzen, ideia batek aurrera egin zuen: beste kuadrilla batzuetan irteten hasita zeuden lagun talde batzuk biltzea beste kuadrilla berri batean. Arian-arian sekula blusa bat jantzi ez zuten beste lagun batzuekin harremanetan jarri eta denak animatzen hasi ziren.

Garai hartan ideiarik ez Blusen Batzordea zer zen, ez zegoen non bildu, ikurra pentsatu behar, izena eta arropa aukeratu… Pixkanaka-pixkanaka dena konpondu eta hasierako ideia hura forma hartzen hasi zen. Kuadillakide asko Eharikoak izanik, han zegoen biltzeko lokal erabilgarri bat, gerora kuadrillaren egoitza.

Era berean, Batzorderako ordezkari bat izendatu zen eta marrazkilari ezin hobea zen kudrillakide batek ikurra diseinatu zuen: egun hartatik Okerrak izena hartu zuen kuadrillaren ikurraren hondoan ikus daiteke Andre Maria Zuria eta aurrealdean lata bat lotuta daraman blusa bat.

Badira gaur egun irauten duten gauza gehiago. Esaterako, barne funtzionamendurako lan egiteko sistema bat asmatu zen. Gaur egun eusten zaio lan-taldeetan lan egiteko sistemari; hala, dena prest dago behar den egunerako, pankartatik bazkariraino. Eta denok era berean gozatzeko egunero gutxi batzuek lan egiten dute.

Gelditu gabe

Zalantzarik gabe hainbeste urte pasatutakoan Okerrak kuadrillak funtzionatzen jarraitzen badu, darabilen jarduera iraunkorrari esker da. Sorreratik bertatik argi geratu zen asmoa ez zela urtetik urtera abuztu aldean jaietako bost egunak konpartitzeko baino batzen zen taldea izatea.

Okerrak kuadrilla gelditu gabe aritzen da. Egia bada ere Gasteizko jaiak izateko arrazoi nagusia izan dela, kuadrilla honen kideok blusak baino gehiago dira. Kideon arteko adiskidetasuna sustatu egiten da urtean zehar hainbat ekintzen bidez, hala nola, Olarizuko erromeria, Santa Ageda bezpera, San Prudentzioren danborrada (geure danborrada badugu), Etxabarri Urtupiñako edo Ehariko jaiak, eta are mendi- edo bizikleta-irteerak… Denak aitzakia onak dira elkartzeko eta kuadrillaren izpirituari eusteko.

Urteotan Okerrak aitzindaria izan da Gasteizko eta inguruetako herritarrei jaia hurbiltzeko ahaleginean. 80ko hamarkadan kuadrilla hau antolatzen hasi zen Herri Kirolen gazteentzako txapelketa. Santiago egunaren eta Gasteizko jaien aurreko larunbat arratsaldeetan bertako ohiturak sustatzeari ekin zion kuadrillak Foru plazan.

Okerrak arduratzen zen txapelketa haren antolaketaz bakar-bakarrik, Blusen Batzordea eta erakundeak alde batera utzita. Beraz, antolaketak berekin zekartzan kostu altuek ezarri zuten txapelketaren amaiera. Antzeko zerbait gertatu zen 90ko hamarkadaren azken urteetan: abuztuaren 5eko eskaintza ludikoa zabaltzeko asmoz, Okerrak kuadrillak erabaki zuen umeentzako parke bat antolatzea Juan Aiala plazan. Bertan umeentzako haize-bataioa eskaintzen zen globo aerostatiko batean. Baina arazo ekonomikoek berriro ere geldiarazi zuten kuadrillaren jarduera.

Mende berriarekin batera belaunaldi-erreleboa etorri da eta gure historiaren unerik goxoenetakoak heldu dira; izan ere, gaur egun Okerrak kuadrilla mistoa da eta oso harro gaude.

Xanpain-berbena

Hala ere, ez dago abuztuaren 6ko gau bat irudikatzerik Okerrak kuadrillaren Arka plazako xanpain-berbenarik gabe. Agintariek ezta arazo ekonomikoek ere ezin izan dute bertan behera utzi Okerrak kuadrillaren tradizio hau; izan ere, 1978tik gaur egun arte berbena honek guztion gustukoa izatea lortu dugu eta horren erakusgarri da urtetik urtera hurbiltzen den jende andana dantzaldi alai batez gozatzera Okerrak kuadrillarekin eta Joselu Anaiak taldearekin. Harro egoteko modukoa gure kuadrillarentzat!

Dena den, denbora ez da alferrik pasatzen, eta ALI-0000 matrikuladun grisen furgoneta kamuflatu hark lekua utzi zion baserri bati; eta hura ere zahartutakoan, bide eman zion Txanpan Etxea bereziari; izan ere, xanpaina hartzeaz gain, orain etxean egindako limoizko sorbete freskagarria ere dasta daiteke. Berbena erdi ezkutuan egitetik, 70ko hamarkadako girlanda-argi haiek gogoan, Andre Maria Zuriaren jaietako jarduera ofizial klasiko bat izatera pasa da, eta esan gabe doa, erreferente bat primeran pasa nahi duenarentzat.

Horiek guztiak gogoan izanda, Okerrak kuadrillak belaunaldi batzuk pasatzen ikusi ditu, baina beti ere lortu du eustea bere sorreraren arrazoiaren jatorrizko izpirituari. Horixe izan da orain arteko arrakasta eta etorkizunean hala izaten jarraituko du.

Gora Okerrak !!!!