Urtero, uztailaren 25ean, Santiago egunean, Okerrak kuadrillak parte hartzen du Blusen eta Nesken Batzordeak antolatutako Foru plazako herri kirolen erakustaldian.
Gure kirolari ospetsuek gogor entrenatzen dira urtean zehar aurrez aurre jartzen zaizkien kuadrilla guztiei irabazteko sokatiran zein lokotx-bilketan. Eta argi ibili, upelak noiz iritsiko zain daude eta!
Publikoaren gozamenerako eta Okerrak kuadrillaren bitrina-arasak trofeoz betetzen jarraitzeko, entrenatzaileak, hurritz-makila eskuan, arduratzen dira kirolariak kontzentratuta egoteaz une oro, eta are txapelketaren bezperan kirolarien logeletan zaintza egiteaz, gure atletek gauaren arriskuen aurrean amore eman ez dezaten.
Egunotan hain inportantea den elikadurari dagokionez, nabarmendu egiten da patentatu dugun sistema berritzailea: gosaltzeko azokan erositako eta zuritu gabeko 5 berakatz-ale fresko hartzea, baita ganadu azokako behirik ederrenaren errapeetatik zuzenean zurrupatu beharreko litro bat esne ere.
Ohitura honi jarraiki, ez dago irabaziko digunik ere!