Abuztuaren 6an, Arka plazan, ibilbide bien artean urtero antolatzen ditugu umeentzako joko eta jarduera batzuk. Umeek —baita helduek ere— ondo pasatzeko gymkana moduko probak egiten ditugu (adibideak). Irabazleek saria izaten dute, era berean, hainbat opari izaten dira eta askaria parte-hartzaile guztientzat.
Horretaz gain, jarduerak irauten duen 3 orduetan, Arabako Elikagai Bankuari laguntzeko aukera dago; izan ere, plazako hainbat gunetan dauden kutxetan galkorra ez den janaria utz daiteke, baita higienerako artikuluak ere, hala nola, pixoihalak edo konpresak. Hartara, zoritxarrez gureak bezalako jaiez gozatzeko aukerarik ez dutenei lagundu egingo diegu.