Gure laguna Ibai, mendizalea izateaz gain, fenomeno hutsa da, eta iazko apirilean Nepalen izandako lurrikara zela eta, sentitu zuen hala edo nola lagundu behar zela. Hartara, bururatu zitzaion laguntzeko eta elkartasuna adierazteko modurik onena zela azoka txiki bat antolatzea bere herria, Antoñanan.
Ekimena honetan zetzan: edonork eraman eta eman zezakeen musu-truk arropa, liburuak edo egoera onean zuen edozer, gerora prezioa egokitu, salgai jarri eta azoka txikira hurbiltzen zirenek erosteko.
“Laguntzen lagundu” lelopean, ideia zabaldu zen sare sozialetan eta komunikabideetan; eta ekainaren 20an, azoka txikia izan zen egunean, Antoñana jendez lepo egon zen. Urteetan gogoratuko den eguna izan zen, ekimenera osorik emanda jende asko hurbildu baitzen. Gainera gure lagunak eta bere familiak pintxo-potea prestatu zuten guztiontzat.
Lortutako diru guztia SOS Himalaya – Fundación Iñaki Ochoa de Olza GKEri eman zitzaion. Gogora dezagun GKE honek oso lan interesgarria egiten duela zoritxarrak zigortutako herrialde horretan; bertan berreraikitze lanak kudeatzen ditu eta bertako biztanleei elikagaiak, botikak, ura eta arropa banatzen dizkie.
Okerrak kuadrillatik proiektuari laguntzen diogu ahal dugun neurrian; urtean bost aldiz elkartzen den blusen kuadrilla baino gehiago izateko asmo sendoa baitugu. Hala ere, egitasmo honen benetako egilea gure lagun Ibai da, suhiltzaile lanbidez eta mendizale bihotzez.