1988. urtean OKERRAK kuadrillak gastronomia elkarteek egiten dutenaren aukerako danborrada sortu zuen. Lehenengo bi urteetan mila-marra prakak, alkondara zuria, kaikua eta txapela jantzita irten ginen.
Aurrerago uniforme hura aldatzeko erabakia hartu eta kasakak jantziko genituela erabaki genuen, beraz, saiatu ginen gastuak estaltzen berbena bat antolatuz. Porrota ikaragarria izan zen; izan ere, apirilaren 13ko gau hartan 15 cm elur egin zuen. Hala ere, kasakak lortu genituen.
Orduz geroztik Probintzia plazan biltzen gara urtero apirilaren 27an elkarte gastronomikoen danborrada heldu baino lehen. Bertako agertokian jotzen dugu AMETZAren danborrariekin batera eta orain dela gutxi arte ORKONPONekoekin, eta handik abiatzen gara zentro aldeko kaleetara.